121 KREW

121 Krew elkarrizketa

121 KREW
EZKERREKO BIDETIK, SENDO


Desindustralizazioaren errautsetatik sortutako taldea da 121 Krew. Ezkerraldeak bizi izan duen eraldaketaren testigu dira eta kritikoak dira inguruan ikusten dutenarekin. Hitza eta erritmoa erabiltzen dute espresatzeko eta ez dira isilik geratuko. Euskal Herrian garatzen ari den rap mugimendu berriaren parte dira.

Aritz: Noiz eta nola sortzen da 121 Krew egitasmoa?

Endika: Egitasmoa 2000. urtean jarri genuen martxan, hasiera batean graffitiari lotuta zegoen baina denborarekin rap musikan oinarritu da. Orain arte “"La mansión de los 1000 versos / etxe handi ilun honetan" izeneko maketa kontzeptuala genuen eta orain “Denboraren ildoa” izeneko diskoa kaleratu dugu.

Aritz: Zergatik “Denboraren ildoa”?

Endika: Hasi ginenetik urte batzuk igaro dira eta tartean maketa atera dugu baina diskoa urte hauetako esperientzien bilduma da. Hasiera batean ametsa bezala hasi zena forma hartu du eta atzera begira jartzen garenean egin ditugun gauzak ikusten ditugu.

Aritz: Diskoko kantu gehienak gaztelera hutsean abestuta daude baina badira euskara eta gaztelera tartekatzen duten kantuak ere. Nola daramazue hizkuntzen joko hori?

Imanol: Hasieran nahiko zaila egiten zitzaigun euskaraz abestea. Eguneroko bizitzan erdara erabiltzen dugu gehien bat eta horregatik kantu gehienak erdaraz daude. Entzuten dugun rap musika gehiena ere erdaraz abestuta dago; Selektah Kolektiboa bezalako salbuespenak kenduta.

Endika: Argi genuen euskara erabili behar bagenuen modu logikoan, naturalean izan behar zela. Eguneroko bizitzan gutxi erabiltzen dugu euskara eta abestiak egiteko garaian erdarara jotzen dugu errazago. Euskaraz egiten ditugun abestiak bortxatu gabe atera daitezela nahi dugu.

Aritz: Eta zer esango zeniekete rapa euskaraz (ondo) egin daitekeela zalantzan jartzen dutenei?

Imanol: Rapa eta musika guztiak komunikazio tresnak dira eta edozein hizkuntzatan egin daitezke.

Endika: Kuban, Senegalen eta munduko edozein txokotan egiten da rapa. Egia da, hori esan digute behintzat, desberdintasunak daudela euskaraz edo erdaraz entzundako rap musikaren artean. Euskaraz egindako rapa gogorragoa dela esaten digute. Dena den, hori ere abantaila izan daiteke eta horri etekina ateratzen jakin behar da.

 

Aritz: Diskoan hainbat kantuetan euskara eta gaztelera tartekatu duzue nahiz eta gaztelera nagusitu. Zuzenekoetan berriz badakigu euskara hutsez egindako saioak ere badituzuela. Konta iezaguzue nola den.

Endika: Duela bi urte hasi ginen zuzenekoak eskaintzen eta hasieran diskoaren antzekoa zen zuzenekoa. Duela urte eta erdi zu ezagutu zintugunean hogei edo hogeita bost minutuko emanaldia prestatzen hasi ginen euskara hutsean. Hori izan da  zuzenekoetan gure aportazioa euskal rapari.

Imanol: Guretzako esfortzua suposatzen du euskaraz egitea baina konfiantza dugu eta bide horretatik jarraituko dugu.

Aritz: Nolakoa izan da kantuak sortzeko prozesua?

Endika: Duela bi urte arte egindako guztia kontzeptuala zen. Hawa ezagutu genuen eta berarekin hasi ginen elkarlanean. Berak egiten ditu baseak ordenagailuarekin, Cubase programa erabiltzen du, sanplerrak sartzen ditu eta Midiaren bidez bere melodiak egiten ditu.

Imanol: Harreman zuzena dago musikaren eta letren artean. Hawak egindako basea entzun eta gero letrak egiten ditugu batzuetan, besteetan letrak aurrez prestatzen ditugu. Adibidez, Muerte kantuak giro iluna du eta testuak ere harremana du musikaren giroarekin.

Endika: La mezkita kantuan adibidez etorkinen kontuaz mintzo gara. Bilbon etorkin asko daude auzo txiroetan pilatuta eta duela urte batzuk Galiziatik edo estatuko beste lekuetatik iritsitako etorkinen semeei askotan adierazpen arrazistak entzuten dizkiegu. 

 

Aritz: Kantuen edukietan gaurkotasunarekin eta inguruarekin zerikusia duten gaiak beraz eta diskoaren estetikari dagokionez ere, Barakaldoko irudiak sartu dituzue. Zergatik?

Endika: Diskoaren azalean ezkerraldetik eskuinaldera igarotzeko langileak txalupa hartzen zuten lekua azaltzen da. Horrekin jokoa egin nahi genuen. Ezkerraldea langilea izan da beti eta eskuinaldea diruduna. Orain, desberdintasun gutxiago dago bi aldeen artean. Parekatu egin dela esan daiteke eta hori ez zaigu gustatzen. Lehen ezkerraldean halako tristura zegoen baina jendea errealagoa zen. Punk mugimendu handia zegoen eta orain berriz txunberoak (pijoak) daude. Guk punkyak nahiago.

Imanol: Barakaldo asko aldatzen ari da. Lehen denda txikiak zeuden eta orain horiek ixten ari dira eta supermerkatu handiak daude. 

Aritz: Diskoa auto ekoizpena da eta Musikherriarekin batera kaleratu duzue. Zergatik?

Endika: Hasieratik garbi genuen auto ekoizpena izango zela, gure filosofiarekin bat dator. Musikherriako jendea ezagutu genuen eta egitasmoa gustatu zitzaigunez elkarlanean aritzea erabaki dugu. Diskoa copyleft lizentziapean argitaratu dugu eta nahi duenak gure web orritik jaitsi dezake (www.121krew.com).


                            ARITZ SOUND SYSTEM